Dantza mixtoak

LUZAIDEKO INAUTERIAK

SARRERA

Inauteri hau azaltzerakoan, lehengo eta behin, Luzaide izeneko herrira begiratu beharra dago, Iruñatik Donibane Garazirako bidean, azken honetatik 11 kilometrotara. Luzaide aministratiboki Nafarroa den arren, bizimodua behenafartarra dute.

HISTORIA

Dantza multzo hau inauteri garaian dantzatzen zen Nafarroa inguruko haranetako eta iparralde osoko dantza ohiturari jarraituz.  Folklorista aditu gehienen ustez, Kristautasun aurreko garaietan Bolant egunean gaur egun ezagutzen den modura dantzatzen zen, neguaren amaiera eta udaberria bazetorrela ospatzen omen zen, Kristautasunari helduta Pazkoaren hasiera eta 40 eguneko baraualdiaren hasiera. Gaur egun, berriz, gazte eta herritar asko kanpoan bizi direla eta Aste Santura arte atzeratu dute ospakizuna.

Bolanten ohitura hau oso ezaguna zen lurralde osoan zehar, baina hainbat herritan galdu egin zen Bigarren Mundu Gerrarekin batera. Luzaide izan da bolanten tradizioa mantendu duen herri bakarra, izan ere, 60ko hamarkadan berreskuratu egin zuten eta gaur egun berriro berreskuratu da inguruko herrietan.

Aipatzekoak dira dantza hauen interpretazioan bi ezaugarri: lehenengo aldea, inauteri segizio bat bada ere, ez da maskarada bat, maskaren agerpena garrantzitsua da, nahiz eta oso luzea ez izan. Bigarrena, ez dela inauterietako dantza, nahiz eta garairen batean inauteri garaian kokatu, dantza hauek beste sasoi batzuetan ere dantzatu izan dira. Kabalkada hauen ordena eta formazioa, oso jerarkizatuak militarren egiturarekin antzekotasun gehiago ditu, inauterietako formazio informal eta anarkikoekin baino.

KOREOGRAFIA

Berpizkunde Igandean zazpietako mezatara joan ostean bolantak inguruko Arnegi eta Pekotxetako herrietara joaten ziren. Ohiturak esaten duen bezala denek batera gosaldu eta dantzatzen dute. Geroago Luzaidera bueltatzen dira bertan berriz ere dantzatzeko bazkaldu baino lehen. Arratsaldez bazkari ostean hamabost pieza baino gehiago dantzatzen dituzte gaur egun arte heldu direnak bi ordu inguruko ekitaldi baten.

-Pertsonaia ezberdinek osatzen duten segizioa Luzaide eta inguruetako herriak zeharkatzen dituzte bi lerrotan martxak dantzatuz. Martxak 2/4ko konpasean jotako kalejirak dira, erritmo oso bizia dutenak.

-Kortejua plazan sartzen denean bolant dantza dantzatzen da, sarrera honetarako erreserbatzen den dantza.

-Sarreraren ondoren entrexantak izeneko dantzak burutzen dira, doinu biziko dantzak bi lerrotako formazioan dantzatzen direnak. Dozena erdi bat melodia ezagutzen dira, baina ezagunenak eta gehienetan burutzen direnak Euskaldunak eta Sorginak dira, Faustin Bentaberry maisuak sortutakoak 1929an Bartzelonan burutuko zen Nazioarteko Erakustazoka zela-eta.

-Lehen zati honen ondoren makilariak bere erakustaldia egiten du, makila doinu ezberdinekin jiratu eta mugiaraziz.

Jauziak dantzatzen dira orduan, inguruan oso ezagun eta ohikoak izanik eta korroan dantzatzen direnak. Ezagunenak Hegi, Ostalerrak eta Marianak dira. Emakumeen partaidetza 60ko hamarkadaren amaieran integratu zen, ordura arte dantzaren amaierara mugatzen baitzen. Hauen ondoren kontradantzak egiten dira, bikoteka burutzen direnak.

-Honen ondoren emakumeek ikuskizunarekin bat egiten dute bolantek dantzarako egindako gonbidapena onartuz.  Europa erdialdeko oinarria duten doinuak dira, 1968an Luzaideko inauterian sartu zirelarik, dantzekin finkatuta geratu arte. Iparraldeko hiru probintzietan doinuak lekua izan dute. Luzaidarrentzat dantzak izaera erdi-arrotza dute, beraz, ez da komeni aurrekoekin nahastea edo batzea. Jauzien eta kontradantzen artean ezberdintasun hori azpimarratzeko dantzariak arropaz aldatzen dira.

-Ikuskizunaren amaiera “axe ta tupina” parodiaren antzezpenarekin bukatzen da.

JANTZIAK eta PERTSONAIAK

Pertsonaien hautaketa Errege Egun inguruan egiten da, herriko gazteak biltzen dira bakoitzaren zereginak banatzeko:

Zaldikoak edo zaldunak: Segizioa bi edo lau zaldunek eramaten dute, eta inguruko baserrietara inguratzen dira opariak jasotzeko. Txapela eta jaka gorri apainduak, praka zuriak eta zaldiz ibiltzeko botak daramatzate.

  • Cabalier eta Cabaliersa: Hauek ere zaldiz doaz eta kapitain eta emaztearen rola betetzen dute.
  • Makilaria: Danbor nagusiaren oroigarria da. Ez du zertan pertsona batek bakarrik izan behar makilaria, honek makil bat darama eta akrobaziak eginez jiratu egiten du. Jaka gorria, praka zuria eta buru estaltzen dion dracoa daramatza.
  • Zapurrak: Armadaren zulatzaileak dira. Ez dute dantzatzen segizioan, prozesioan soilik parte hartzen dute. Alkandora eta praka zuriak, gurutzatutako banda gorria,burua estaltzen dien zilindro formako txano altua, larruzko amantala, bizar-orde eta egurrezko aizkora daramate.
  • Zigantiak: Emakume itxura  duten erraldoi sinpleak dira. Zuriz, txapel, banda eta zapi gorriz jantziak.
  • Bandelariak: Luzaideko gazteriaren bandera eta ikurriña daramaten pertsonaiak dira, prozesioan eta dantzan zehar ere. Francoren garaian Espainiar bandera eramatera behartuta zeuden ikurriñaren ordez. Praka zuriz, txapela eta jaka gorriz jantzirik doaz.
  • Gorriak: Nafarroako herri askotako jaietako maiordomoaren rola betetzen dute, ospakizunen arduradunak izanik. Bandelarien arropa berdina daramate, hau da, praka zuri eta jaka eta txapela gorriak, hauek ezpata bat eta dirua biltzeko poltsa bat daramate.
  • Basandereak: Bi edo lau mutil izaten dira emakumezko trajez jantzita eta aurpegia belo batez estalita.
  • Bolantak:Ikuskizunaren elementu garrantzitsuenak dira. Egunak berak, bolant eguna izena hartu zuen pertsonaia hauen ondorioz. Bi lerrotan doaz eta konpartsan dauden dantzaririk onenek osatzen dute konpartsa. Zuriz doaz, alkandorak katez eta bitxiz apaindutako bularraldea dute eta prakak zintaz eta zintzarriz apainduta daude. Bizkar gainean, sorbaldetan lotutako kolorezko zintak daramatzate, hauek lepoa inguratzen den zapi bati josiak daude. Gerrian gerriko morea eta eskuetan eskularru zuriak daramatzate. 1922ra arte buruan kaskak eramaten zituzten. Ordudanik artilezko bola handidun txapelak daramatzate.
  • Neskak: 60ko hamarkadatik aurrera dantza zikloan sartutakoak, haien partaidetza handituz joan da denbora pasatu ahala. Mutilen partaidetza maila lortu arte oraindik. Gona gorri luzea eta belusko jaka apaindua, lazo gorridun alkandora zuria eta media eta zapata beltzak janzten dituzte.
  • Beste pertsonaia batzuk ere egon izan dira historian zehar, baina gaur egun desagertu egin dira: maskak, koblaria edo bertsolaria adibidez.

Partaide guztiek elementuren bat komunean dute, prakak, gerriko, alkandora edo-eta txapela. Kolore aniztasuna Luzaideko inauteriko jantzien ezaugarrietako bat da, zintzarriek eta apaingarriek ikuskizun ederra izatea laguntzen dute. Hala ere, bakoitzak bere trajea egokitu dezake, eta jantziak daramatzan apaingarriak aukeratu, ohiturak markatzen dituen neurriak errespetatuz.

DOMINGILO

Domingilo eta Arku dantza edo Iurreta Durangon dantzatzen diren dantzak dira. Hauek Gorulari dantza multzoa osatzen dute, eta aspalditik dantzatzen dira, batez ere Domingilo, herriaren kontu agiritan gaztu ordainketak agertzen baitira.

Antzinean, bata neskek dantzatzen zuten eta bestea mutilek, baina 1886. urteaz geroztik bai mutilek baita neskek ere dantzatzen dituzte bi dantzak.

Domingilo, zintak dituen makil handi baten inguruan dantzatzen da,  honen gailurrean pertsonai bat agertzen delarik, eta hain zuzen, Domingilo zinta dantzaren gailurrean zintzilikatuta dagoen pertsonaiaren izena da.

Trajeari dagokionez, neskak poxpolinaz janzten dira, hau da, gona gorria, abarkak, galtzerdiak, mantal beltza, kamisa txuria, korpinoa, eta zapia buruan dutelarik. Mutilak, aldiz, txuriz jantzirik doaz, alpargata txuriak, galtza eta kamisa txuria, txalekoa eta txapela gorria buruan jantzirik.

IMOTZEKO ESKU DANTZA

Imotzeko esku-dantza Oskotz herrian sortu zen, Nafarroako Imotz bailaran. Zaila da jakitea noiz hasi ziren dantza hau dantzatzen, dakigun bakarra da uda partean dantzatzen zela, izan ere festarako dantza da eta jai egunetan dantzatzen zen.

Nafarroako herri askotan egin izan dira horrelako dantzak, baina XX. mendean, eta Gerra Zibilaren ondoren batez ere, gehienak ahazten joan ziren.

60ko hamarkadan dantza hau berreskuratu zuen Juan Antonio Urbeltzek eta, aldaketa batzuk egin ondoren,  Argia dantzari taldearen emanaldietan hasi zen berriro ere ikusten.

Gaur egun oso ezaguna bilakatu den dantza hau Iribasko ingurutxoaren ondoren dantzatzen da.

Hainbat liburutan dantzaren letra bezela jaso da honako bertso hau:

Arrankin trankin trankun

mailloaren otsa

Arrankin trankin trankun

mailloaren otsa

Orroko mutil orren

ezkontzeko poza

PLAZA DANTZAK

Plazetan dantzatzen diren koreografien multzoari “plaza dantzak” esaten zaio. Soka dantzak izenarekin ere ezagutzen dira, baita esku dantzak izenarekin ere. Baina, azkeneko hau ez da hain ezaguna garai batean “esku dantza” esatean emakume eta gizonezkoaren kontaktu fisikoari egiten ziolako erreferentzia eta hori elizgizonek ez zuten onartzen. Hau da dantza batzuk zapiarekin dantzatzearen arrazoia ere.

Soka dantza guztiak ez dira iritsi gaur arte. Badago dantza bat XXI.menderarte iraun duena, “aurresku” izenarekin ezagutzen duguna. Baina, berez, “aurreko eskua” deitzen zen, lehen esku dantza bat zelako. XIX.mendean dantza gidatzen zuen bakarlariak hartu zuen garrantzia eta jada ez da soka dantzatzat hartzen. Batzuk desagertu arren, dezente dira plaza dantzak. Izan ere, urtean zehar, 40 soka dantza baino gehiago gauzatzen dira Gipuzkoan: Abaltzisketa, Amasa, Andoain, Antzuola, Añorga, Arama, Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain, Berastegi, Bergara, Billabona, Deba, Donostia, Eibar, Elgeta, Elgoibar, Errenteria, Ibarra, Irura, Itziar, Lasarte-Oria, Lastur, Lazkao, Legazpia, Legorreta, Lizartza, Oiartzun, Olaberria, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Usurbil, Zarautz, Zegama, Zubieta, Zumarraga.

Dantzariek eskuak elkarri emanda edo korroan dantzatzen dute. Pertsona kopurua mugagabea da eta bai gizonek eta bai emakumeek har dezakete parte. Festa giroan mur-gildurik, herritarrak izan ohi dira dantza-riak. Herriaren arabe-ra, parte-hartzaileen kopuruaren arabe-ra… soka dantza mo-du batean ala beste-an gauzatuko da.  Dantza hauek ez daukate jantzi kon-kreturik, izan ere, ka-leko arroparekin dan-tzatu izan ohi dira leku batzuetan. Dan-tza sorta edo multzo honetako “azpi-dantza”  batzuk hauexek dira:

TXULALAI

Herriko dantza hau, Arabakoa da, Errioxako Paganos herrikoa, hain zuzen. Izan ere, otsailaren 3an, San Blas egunean, bere omenean dantzatzen da herriko jaietan.

Behin herriko nahi adina pertsona korroan jarrita hasiko da dantza. Musikariak jotzen hasten direnean, dantzariak biribilketa egiten hasiko dira eskubirantz eta gero ezkerrerantz. Musikak aldatzen duenean, hankak erdialdera altxata dantzatzen jarraituko dute. Eta azkenik ipurdian ondokoekin joaz bukatuko dira pausoak. Pauso horiek behin baino gehiagotan errepikatuko dira. Musika gero eta azkarrago joango da eta hura bukatzean amaituko da dantza. Oso dantza alaia da bai ikusi eta baita dantzatzeko ere.

SAN PETRIKE

Jean Petrike edo San Petrike, Baztango haranean Ipurdi dantza izenez ere ezagutzen da. Biarno aldeko “Lepetoke danse” izeneko dantzaren imitazioa izan daiteke. Baliteke frantseseko “Jeant Petit qui danse” esalditik etortzea, itxuraldatuta.

Dantza honen koreografiak bi zati ditu: lehenengo zati  dantzatu bat eta gero joko bat, gorputzaren atal ezberdinekin lurra ikutuko delarik ( oinak, atzamarrak, belauna, belarria…), azkenean itzulipurdi batekin bukatuko da jokoa.

ZAZPI JAUZI

Iparralde zazpi jauziko dantza da(Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa).

Honetan pausu berdinak errepikatzen dira behin eta berriro, aldi batetik bestera banan-banan gehituz doazen jauziak tartekatzen direlarik. Izenak dioen bezala azkeneko aldian zazpi izango dira.

Dantza honen bariante bat ezagutzen da, Hamalau jauzi deritzona, zazpi jauzietara heldu ondoren berriro errepikatzen da, baina jauziak gutxituz doazela zazpi salto ematetik azkenengoan jauzi bat ematera pasatzen delarik.

SOKA DANTZA

Baztango soka dantza baten parte dugu dantza hau.

Bi pausu, baztango zortzikoa behin eta berriro errepikatuz, gauzatzen da. Lantzeko inauterietako dantza baten antzeko egitura eta erritmoa du, Mielotxin erretzen den bitartean inguruan dantzatzen dena.

Dantza honen zati batean hurrengo kanta abesten da:

Ai Ixabel Ixabel

Ixabel neria.

Ez al zenekin bada

Apaiza nintzala (bis)

Apaiza nintzala ta

Gorua nuela

Nitaz probetxurikan

Ez zendukiala (bis)

Labaingo apaiz gazteak

Semetxo bat badu

Osaba deitzen dio

Berak hala nahi du (bis)

Berak meza eman ta

Semeak lagundu

Ez da gaizki errana

Konprenitzen badu (bis)

LANTZ

Zortziko honek  Baztanen kokatzen den Lantzeko herrian du jatorria.  Lantzen ospatzen den  inauteria oso ezaguna da eta jende asko erakartzen du urtero. Inauteri jaietako asteartean zortziko hau dantzatzen dute, euskal dantza talde gehienen errepertorioan klasiko bat bihurtu dena.

Inauterietako dantza bat da eta jantzi espezifikorik ez badu ere, mozorrotuak joaten dira, argazkian ikusi daitekeen bezala.

Arotzak kaleetan, eta Ziripot jantzi ondoren ostatutik atera dira txatxoak, zaldikoa eta Miel Otxin, txistulariak lagunduta. Herriko kaleetan kalejira egin ondoren plazan zortzikoa dantzatu dute.

Beste herriko plazetan dantzatzen dena zortzikoa da eta Lantz herritik kanpo egiten denean 2-3 minutu irauten ditu. Baina, berez 10 minutuz ibiltzen dira Lantzeko gazteak jo ta ke.

LIZARRAKO LARRAINDANTZA

Deskribatzeko definizio bat ematerako garaian, esan beharrean gaude «Lizarrako Larraindantza» (El Baile de la Era bezala ezagutua), borobilean dantzatzen den eta suite izaera ematen dioten 7 zatitan banatzen den dantza mistoa dela.

Gaur egun, dantza osatzen duten zatiak:

  1. Kalejira (Aurkezpena eta Kalejira)
  2. Katea (Aurkezpena, Katea eta 3/8)
  3. Fandangoa (Fandangoa eta Abestia)
  4. Baltsa
  5. Jota Zaharra
  6. Bolerak
  7. Azkeneko Kalejira edo «Corrida Final»

Sortu ezkeroztik, dantza, bi gaitek eta danbor batek, Lizarran betidanik izan diren musika tresnek, jotzeko prestatua dago.

Ikuspuntu honetatik, badirudi Lizarrako Larraindantzak ez duela ez konplexutasunik ez historiarik. Baina jakina, hori ez da horrela. Orain daukan egitura, 100 urte baino gehiagotan zehar izandako hamaika aldaketen ondorio da. Aldaketa naturalak, beste dantza askok izan dituztenen antzekoak, denbora berriei eta moda desberdinei, dantza talde desberdinetara edota gaita musikarien jotzeko moduari egokitzeko izan dituen aldaketak.

«Larraindantzak» hainbat aldaketa jasan ditu: zati batzuen desagertzea, beste batzuen agerpena, osatzen duten zatiak orden desberdinetan dantzatzea.

LARRAINDANTZAREN HISTORIA:

Dantzari buruzko lehendabiziko agiria 1864. urtekoa da. Lizarrako Udalaren dokumentu bat da, bertan, «La Voz de Navarra» egunkari nafarrak Ega hiriko «Gaitaren Dantza»-ri buruz idatzitakoa salatzen da. Agiri horrek dantzaren, eta honek Lizarran zeukan herrikoitasunaren berri ematen digu.

Alfonso XIII.aren bisita

1903. urteko abuztuaren 27a arte, ez dago Lizarrako dantza herrikoi honen berri jakiterik. Egun hartan, Alfontso XIII erregeak hiria bisitatu zuen. Lizarrak harrera honetarako bere kaleak apaindu zituen eta hainbat gauzaren artean, Lizarrako dantzarik zaharrena, «Larraindantza», eskaini zion. Beraz, Gaitaren Dantza Zaharra, adinik gabekoa, izan ere bere jatorria ez baitago jakiterik, bere herrikoitasun eta sustraidurari esker, Lizarra hiriak erregeari opa ziezaiokeen opari egokiena izan zen.

Horretarako, Lizarrako gaitari zen Demetrio Romano, Julian Romanoren semea, Lizarrako mediku zen eta herri ohiturak izugarri maite zituen Modesto Iribas Jaunarekin batera, dantzaren konposizioa sortu zuten eta Lizarrako zenbait gazte bildu zituen hiriko dantza zaharrena erakusteko. Horrela sortu zen Lizarran ezagutzen den lehendabiziko dantza taldea, Nafarroako zaharrenetariko bat ziur aski.

Zein hobea, dantza erakutsi eta taldea gidatzeko, oinordeko zuzena baino, aitzinean Lizarrako larrainetan dantzatzen zen musika herrikoiaren betirako moldaketa idatzia utzi zuenaren semea hain zuzen.

Bere antzinatasuna azpimarratzeko esan beharra dago, XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran dantzaldietan dantzatzen ziren doinuetatik -polkak, mazurkak, txotis, etab.- batek ere ez duela «Larraindantza» osatzen. Badago jota bati buruzko aipamena, hain dantzatua zenez kendu zutena.

Aintzinako Gaitaren Dantzaren egitura 1903. urteko aipatutako dokumentuan ageri da, honakoa izanik:

  1. Katea
  2. Jota (oso dantzatua izateagatik kendua, dantza laburtzeko)
  3. Fandangoa
  4. Bolerak
  5. «Corrida»

Gaur egungo «Lizarrako Larraindantzarekin» alderatuta, lehendabiziko suite honek 5 zati zituen. Ez dago baltsari eta hasierako kalejirari buruzko inongo aipamenik. Hala ere, ez da denbora luzea pasako, Demetrio Romanok bikote gisa zuen musikariak, Antselmo Elizaga gaitariak, bildu zituen partituren lehendabiziko egokipena agerrarazteko.

Kasu honetan, Elizaga gaitariak, dantzari diztira handiagoa eman nahian, bere egitura koreografikoa luzatu zuen baltsa bat gehituz, dantzaren erritmo anitzak aberastuz, aurkezpen bat gehitzen dio kateari, jota nola jo behar den argi azaltzen du, eta azkenik, dantzen ordena aldatzen du.

«Larrainen Dantza» honen egitura berri honek, gero eta zerikusi handiagoa dauka gaur egun dantzatzen denarekin.

«Larraindantzaren aldeko taldea»

Urte luzeak igaro ziren kultura mugimendurik gabe, urte gogorrak eta latzak arlo guztietan Lizarrako gizartearentzat, 1933. urterarte. Orduan, egoera honetaz larrituta, zenbait Lizarratarrek, Elizaga gaitaria buru, «Larraindantzaren aldeko taldea» osatzea bultzatu zuten.

Ikaragarria da dantza batek halako ahaleginak eta bere errekuperatzerako talde baten sorrera bultzatzea. Talde txiki baina gogotsu honen helburu bakarra dantzari berriz ere bizia ematea zen, izan ere beste edozeinek baino hobe azaltzen baitzuen Lizarra herriaren nortasuna.

Horrela bada, honi esker, Puyko Ama Birjinaren jaiegunean, 1933.eko maiatzaren 25ean, Lizarrako dantza herrikoiena berriro dantzatzea lortu zen.

Honen ondoren, «Lizarrako Larraindantza» eta lizarratarren arteko lotura erabat hertsia izanen da. Harrezkero, Lizarrak jasaten dituen gorabehera guztiek Dantzaren etorkizuna baldintzatuko dute: gerrate denborako hutsunea, abertzaletasunaren jazarpen gogorra, erregimenak «Sección Femenina» delakoaren bidez egiten duen dantzaren erabilpena.

1944. urteak ekarri zuen gorabehera guzti hauen eta kultur sustraien galeraren amaiera. Lizarrako Udal Talde Folklorikoaren sorrerarekin, bere sortzailea izan zen Francisco Berueteren hitzetan Nafarroako lehendabiziko talde munizipalarekin, «Lizarrako Larraindantza» mantentzeko eta garatzeko aukerak hazten dira.

Berriz ere Elizaga gaitarien eskutik eta orduan, hiriko Udaletxean idazkari zen Francisco Beruete Jaunaren zuzendaritzapean, gure «Larraindantzak» norabide zuzena hartuko du eta gaurdaino ez zaio hirian dantzatzeari utziko, izan ere, bai dantzariek nola lizarratar guztiek dantzatua izanen baita.

«Lizarrako Larraindantza» beti izan da dantzatua. Asko izan dira aurreko mendea ezkeroztik bere doinua jo duten gaitariak eta hamaika dantzatu duten dantzari lizarratarrak. Dena den, guztiok harro sentiarazten gaituena zera da: bere garapenaren partehartzaile izana, gaurko egunean, lizarratarrok geurea sentitzera eta festetako egun guztietan hiriko plazan dantzatzera bultzatu gaituen garapena.

Gaur, «Lizarrako Larraindantzaren» osasuna ezinhobea da. Zorionez, jatorrian zen moduan berreskuratu dugu musika eta koreografi ondarea, eta Ibai Ega Dantza Taldea, «Larraindantzaren» ohiko interpretazioa ahal bezain leial dantzatzen saiatzen da, hori bai, pasa den mendeko 40. hamarkada ezkeroztik, dantzak hartu zuen itxura kontenporaneoari egokituz.

KOREOGRAFIA

«Lizarrako Larraindantza» euren izaera duten eta oso ezberdinak diren dantzen suitea da. Bere koreografia eta musika aniztasunak ikuskizun paregabea egiten dute Lizarrako dantza hau, ikusmen eta entzumenarentzat oparia.

Dantza, «kalejira» bizi batekin hasten da, dantzariak eszenatokian aurkeztuz. Hasiera hau, denbora batean inprobisatua zen, maiordomoek biltzen baitzituzten dantzariak dantzan has zitezen. Gaur ezinbestekoa da dantzariak eszenatokian ongi kokatzeko.

«Katea»-rekin jarraitzen da. Dantzaren pasajerik arkaikoena den «ingurutxo» bat. Honetan, dantzari bikoteak, zapiekin lotuak borobilean dantzatzen dute, errito balioa duten zubiak eginez.

Borobilean jarraituz, «Fandangoa»-rekin jarraitzen da, dizdiratsua erritmoan eta dantzatzerakoan. Fandangoaren erritmo bihurriaren ondoren «Abestia»-ren eta «Baltsa»-ren gelditasuna eta lasaitasuna dator. Azken honetan, koplan, dantzariek dantza lotua modu berezian dantzatzen dute.

«Jota Zaharra»k azkenik, suitearen zentzu zirkularra puskatzen du, eta dantzariak bi ilaratan kokatzen dira, aurrez-aurre, gizon emakumeen arteko lehia bailitzan. Dantza hau koreografikoki zaila da dantzariarentzat, erabat azkarra denez mugimenduen koordinazio zehatza behar baita.

«Bolera»rekin, XIX. mendeko musikarekin, bukatzen da dantzarien arteko maitasun jolasa, oso erritmo arinean.

Suitea, beste «Kalejira» batekin bukatzen da, «Azken Kalejira» edo «Corrida Final»arekin, erritmoa eta zalaparta gutxinaka handitzen duen agurra.

Dantza honen iraupena hamalau minutu ingurukoa da. Dantzak, kolore eta erritmo ikuskizun haundi batek behar dituen osagai guztiak biltzen ditu.

JANTZIAK

Neskak: buruan zapi portuguesa, zinta gorria trentza lotuz, linozko alkandora eta koloretako korpinoa, kolore ezberdinetako gonak behean bordatuak dutelarik, gonazpiko motza, artilezko galtzerdiak eta abarkak.

Mutilak: txapela gorria, alkandora txuria eta txaleko loreduna, gerriko gorria, galtza txuriak, artilezko galtzerdiak eta abarkak.

Deja un comentario